Noticia publicada en Berria el 25/04/2007
Etxabe bat erraldoientzat
Bost urte igaro eta gero, Iruñeko Alde Zaharreko konpartsako gazteek ez dute lau buruhandiak gordetzeko toki finkorik aurkitu.
Milioi bat pezeta -6.000 euro- kosta zitzaien orduan, duela bost urte. Alde Zaharrean buruhandirik ez zela eta hori ezin zitekeela, eta dozena bat lagun elkartu ziren. Aurrekontua, zero. Baina buruhandiak egin behar zirela, Alde Zaharrean ez zeudela. Eta, duela ehun urte-edo Iruñeko Katedralak izan zituen kartoizko panpinak erreferentziatzat hartuta, lau egingo zituztela erabaki zuten. Izenak, berehala: Lurra, Sua, Ura eta Airea. Buruhandiak, Iruñeko Alde Zaharrekoak.
Oraindik ordaintzen ari dira. Hainbat jaitara eramaten dituzte, eta elkartasunezko kredituak lortu dituzte. Europako egitasmoren baten diru pixka bat... baina ordaintzen ari dira oraindik. Eta ez dute non gorde oraindik. Elkartasunezko etxabeetan izan dituzte orain arte. Burlatako Euskalherria Peñan, Mutiloako erraldoi konpartsen lokalean, Ortzadar dantza taldearen egoitzan. Udalari, artzapezpikutzari, Iruñeko Alde Zaharrean ugari diren komentuetako arduradunei toki bat eskatu diete behin baino gehiagotan. Baina bost urte igaro dira eta ez dute ezer lortu.
Joan den larunbatean, kartoizko buruak kutxetatik atera, eta zurezko egituren gainean jarri zituzten berriro. Ura, Lurra, Sua eta Airea, laurak dotore jantzita. Gaitariak deitu, eta karriketara atera zituzten laurak. Salatzera. «Udaletxean esaten digute etxabe bakar bat ere ez dagoela», azaldu du Iñaki Gilek, konpartsako kideak, «baina toki asko hutsik dauzkate».
HOGEITA BOST LAGUN KONPARTSAN. Kexu dira. Nafarroan, jaiak iristen direnean, askotan irakur daiteke notizia bera. Ez dagoela jenderik erraldoiak eta buruhandiak dantzatzeko, gazteak ez direla animatzen, ohitura galdu egingo dela. Buruhandiak etxabeetan geratzen direla. «Hemen ez», diote Alde Zaharreko konpartsakoek. «Gure auzoan jende gazteak bere burua antolatu du, hogeita bost lagun gaude buruhandiak kalera ateratzeko gogoz, eta konpartsa sortu dugu, gure poltsikoko dirua jarrita». Dirua jarri dute jantzien konponketetarako, eta Aldezar konpartsako txikitxoei lan hori guztia erakutsi diete, etorkizunezko egiazko erraldoi eskola sortzeko. Baina lo egiteko tokirik ez.
Joan den larunbatean atera zituzten berriro. Kale Nagusia, Udaletxe plaza, Jarauta kalea, eta Gazteluko plazan azkenean, dantza dotorearekin amaitzeko. Jende askok galdera bera egin zien. «Baina nongoak dira erraldoi hauek?». «Non gordetzen dituzue?». Eta erantzunik ezin eman. Bost urte horrela. Oraindik ordaintzen ari dira. Sei mila euroak, elkartasunezko kredituen bidez. Hogeita bost bat gazte. Lau erraldoi eta Iruñeko Alde Zaharra.